XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

KULTUR-SAILLA

Saill ontan liburu eta aldizkarien berri emango dugu labur, baita kulturaren inguruko gertakari nabarmenenak ere berton iasoko ditugun.

Labur bearko, emen ezpaitugu zabalunerik nai genukean bezin luze berriok emateko.

BERGILIREN IDAZLANAK OSORIK. 384 orrialde. Bilbao, 1966. Igaro gabon-aurrean agertu zan epaitzera goazen llburu mardula, Bergili, antxiñako latin-olerkariaren lan guztien euskal-itzulpena alegia.

Euskal-idazle bi elkartu ziran eginkizun aundi ori azken onera eramateko.

Unai-kantak ( Bukolikon ) eta Alor-kantak ( Georgikon ) Ibinagabeitia'tar Andimak itzuli ditu, Enearena ( Eneida ) berriz, Aita Onaindia euskal alorreko langille nekatu eziñak.

Etzen egoki gure aldizkaria gertakari onen aurrean mutu gelditzea, eta liburu ortaz zerbait esatera goaz.

Oraingo idazle berri-zaleen artean itzulpenak ez dute geienetan girorik arkitzen, batez ere antxiñako klasikoetatilk egindakoek.

Badira aipatu euskal-idazleen artean, alako itzulpenak ez-ezik, antxiñako auktore guztiak ere deplauki gaitzesten ditutenak.

Ez omen zaizkie atsegin, eta kito: bijoaz inpernura.

Zorionez baña, euskal-idazle guztiak eztatoz bat alako iritxi-extremistekin, eta oraindik badira klasikoen denduna ta zentzuna aintzat ditutenak.

Oietakoak dira, ezpai gabe, Bergiliren euskal itzultzalleak.

Gure izkuntzak, beste izkuntzak bezela, bear bezelako evoluzioa egingo baldin badu, klasikuen idazlan aundietan sendotu bear ditu bere oinarriak.

Eztala latin-jatorrikoa esango du norbaitek, gure euskera.

Ingelesa eta alemana ere eztira latin-jatorrikoak, baiña gu ta aiek latindar zibilizazioaren oboan ari gera, aien giroan bizi gera, beraz aiengandik jaso bear dugu bizi-arnasa ere gure izkuntza pizkortu eta indartzeko.

Ezta beraz bertan bera uztekoa, eztare muxinka alderatzekoa itzulpen aundi au, aintzat artekoa baizik.

Batez ere Aita Onaindiak Enearena maizuki ta bikainki euskeratu digu; aren ugaritasuna, aren jario ederra!

Etzen errex itzultzekoa poema auxe, alare Onaindiaren itzulpena irakurtzerakoan, itzulbidean euskerak eztiola iñolako oztoporik jarri dirudi, ain baitago naturalki egiña.

Esan bearrik ez itz-ugaritasun aundikoa dala itzulpen ori.

Eta nola ez Bergili olerkarietan iakintsu eta sentikorrarena ere alakoa trinko batean.

Gure euskal-itzak ere erabiltzeko sortu ziran ez bakarrik Azkue zanaren Iztegi aundiaren orrialdeetan usteltzeeko.

Uxa ta aiza ditzagun itz ederrok oraingo berrizaleek darabilzkiten romanerazko itzak bezin eskubidedunak dira-ta.

Liburu au egin dutenak ondo baño obeto zekiten AGUR baño EGUR geiago irabaziko zutela.

Alare eztira koldartu eta kokolo ozkil batzuen antzera lakaripean izkutatu; argitara, argitara etorri dira beren lanarekin batere bildurrik eta lotsarik gabe, esanak mesan eta erranak merran.

Ondo esana alare Onaindiak itzaurrean diona: Nik au eskatuko nioke irizle zorrotzari ( txalapartalariari alegia ): berak egin dezala beste ainbeste, eta ala ikusiko du lana baño maxioa errezagoa dala.

Azalez ere liburu au apain datorkigu irudi egokiz jantzita.

Gure txaloak Elorriaga tar Xabieri baita irarkolakoei ere.

A.

ARRATETIKUEN IZKETA - Lexicón del Euskera dialectal de Eibar. T. Etxebarria.Bilbao, 1966.- Juan San Martin euskaltzain argi ta euskaltzale pijuari eskerrak Toribio Etxebarriaren lan aundia Bilbon agertu da liburu mardul batean.

Liburu orrek EUSKERA, Euskaltzaindiko aldizkariaren bi urte oso artzen ditu ( 1965 - 1966 ) eta 658 orrialde ditu.

Aldizkari beraren aurreragoko alean Eibarko aditzaren jokaerak argitara zituen Etxeberria berak eta lan jakingarri onen aurkezpena San Martin jaunak egin zuen.

Antxen esaten zigun T. Etxebarria azken orduko euskaltzalea dala, bere errian bizi izan zan bitartean etzuela oraingo euskaltzaletasunik izan alegia.

Erbesteak piztu dio Etxebarriari euskal-garra, eta nola piztu ere.

Bere emazte ona lagun, Eibarko esakerak eta itzak gomutaratzen asi zan ementxen Caracas'en, eta bidenabar, txarteletan jasotzen.

Amar milla itz eta esakera baño geiago bildu zituen beste ainbeste txarteletan eta lan neketsu eta erabat atsegiñaren uzta duzute gaur eskuartean daukagun liburu eder au.

Nik, egia esan, eztut iñoiz ere ontzat artzen iñungo euskerari irri egiterik, eta Eibarko euskeraren lepotik egiten ziran parreak irakiten jartzen ninduten, eta bein baño sarriagotan aserrebiderik izan nuen lagunartean ori zala-ta.

Beti izan ditut adiskide onak Eibarren eta ederki ezagutzen dut aien euskera bikaiña eta aberatsa; aien euskal-arima sendoa, aien euskal-jabetasuna.

Orra or D. Toribioren liburu mamitsua gaizki esale eta mar-markari guztiak ixiltzeko aski ta lar ere.

Ori gero erbestean egin digula iztegi ori; zer-nolakoa izango ote zan Eibar'en bertan, lekuaren gainean, egin izan baligu?

Ezta errexa lagun biren artean Eibar bezin toki zabal eta aurreratu batean erabiltzen diran itz guztiak gogoratzea.

Ala ere ikaragarria da Etxebarriak damaigun itz-pilloa.

Antxen arkitu ditut, nork?, eta Olabidek irakatsi zizkidan ainbat itz eder: ORBANDU ( Orbandu dabenak ate au berak zurittu deixela ); MURGILDU ( Korputz ta arima murgildu zan autu artan ); SATSU (Zuloagan zan guregaz Satsu abadia... ); JARKI (Ori entzunaz, jarki jatan jan biar banindu bezala) eta beste asko.

Obeto egin zuen gazteiztar argiak Eibar'era jo itz-billa, ez Madrillera, oraingo euskal-idazle askotxok egin oi duten lez.

Zalantzan agertzen zaigu batzuetan, gutxitan egia esan, itz batzuen esan-naia emateko: orixe gertatu zaio TXATXANA itzarekin ( Auxe da neure biotzeko txatxana ) pequeño? galdatzerekin diño.

Txatxana, kutuna bezin bat da Bizkaiko toki askotan eta ori txatxanduta dabil ere esaten da maiteminduta dabillela adierazteko.

Atsegiñez gaiñezka eta arreta aundiz irakurri dut nik iztegi eder au.

Begira gauzkatzu D. Toribio, zure beste euskal-lanak noiz agertuko.

Anartean bioazkitzu gure txalo ozenenak eta Juan San Martin, zure erkideak ere gure atsegiñak ar bitza argitaratze kontuan eman dizun laguntzaren alderako.

A.

JESUKRISTOREN BARRI ONA. Kerexeta. Donostia, 1966.- Atertu barik diardu, aspalditik, Kerexeta jaunak kristiñauentzat eliz-liburu bikañenak argitaratzen.

Elorrioko seme leial onek eztautso atsedenik emoten bere luma bizkorrari.

Naiz olerkiz, naiz itz-lauz, abade gitxik oi daben trebetasun eta zaletasunez euskera lantzen diñardu.

Itun barriko liburuak beintzet, era bitara emon dauskuz; lenengoz, lau ebaingeriak batuta, oinguan barriz, lau ebaingeriak banaka, liburu batean bilduta.

Luzaro eztala Donostiako Z-ARGIA' n, 290 gn.zenbakian, norbaitek itaune auxe egiten eban: Noizko Euskal-Biblia? eta ale eder onekin asten eban bere idaz-lana:

Orain arte ezta iñoiz egin Biblia oso bat ere Herriarentzako.

Olabiderena, garbizaleak diotena diotela, ezin irunts daiteke, aspergarria da, ta ulerkaitza; sabintiarrentzako egiña urrean, baña ez Heuskal Herriarentzako.

Au be entzun egin biar, baña... Barka egiozu alan be Jauna, zer diñon ondo iakin arren kirtenkeri ori idaztean.

Baña ori idatzi daben jaunak eztau ez Olabiderik ezta be sabindiarrik ezaututen antza...

Bego bere eziakinean, nik beintzet ezteutsat agertuko Olabide eta Sabindiarren arteko alderik.

Alperrik izango litzake ganera.

Bego bere artan! Eta ezteritxot ondo berbarik egin ezin dabenak iraintzeari, eta naizta bizirik, gaur beintzat sabindiarrak ezin daitekez mintzatu.

Zer; nori zor deutsozula uste dozu zeuk darabizun euskera ederra? Karol Erregeri? Baiagok obarik, mendebala euri barik...

Zuk mespresatzen dituzun Olabide eta Sabindiarrak izan ezpalira, tokitan legokean gaur gure aberri-izkuntza.

Dana dala, Kerexetak eztau iñor zapaldu biarrik izan, bere itzulpen ederra egiteko.

Aitzitik, ederto baño obeto baliatu da. Olabideren, itzulpenaz berea egiteko.

Eta ondo egin dau.

Belokeko liturgi-itzulariek be ez eben baztarrean itxi Olabide, ori eurak esanda.

Kerexeta ganera ezta egon Antoniutti euskaltzale purrukatua, eta Pappa jauna ( alan idazten eban hatxemerke batek ) euskal-biblia egiten noiz asiko begira.

Gogoz ekin deutso, eta alan agertu da liburu bikain au.

Eta Z-Argiakoak aipatuten daben herriaz be, zedozer esango genduke.

Nun dago gure HERRIA? Zapalduta, menperatuta, arlotekerian etzanda, analpabetu biurtuta.

Ori, ori al da HERRI bat?

Eta orain emen geratuten gara zain liburu-azalean Kerexeta adiskideak agintzen dauskuzan liburu barriak noiz etorriko.

Mañariko Erroseren ipuñak irakurteko gogo biziz dago au idazten dabena eta gure atsegiñak artu begiz Kerexeta Jaunak.